ELBk ardi sailako norabideak zaindu beharra azpimarratu dio Laborantzako ministroari PDF fitxategia Inprimatu E-posta
Euskal Herria - Informazioak
2012/02/06

Bruno Le Maire laborantxako ministroa Ziburun zen egun eta bisitaz baliatu da ELB sindikata lekuko egoeraz mintzatzeko. Ministroaren aholkulariekin eta suprefetarekin bildu da goizean Ziburuko herriko etxean, ardi saila zelarik solasgai nagusia.
Azken hilabeteetako gora behera kalapitatsuak orroitarazi ditu ELBk. Ardi sailak zinezko tresna kolektiboa behar duela laborarien interesen zaintzeko esnetegien parean, adierazi du sindikatak, oraiko Interprofezionearen ahuleziak azpimarratuz. Interprofezionea bi hilabete huntan ez dela bildu ohartazi du ELBk, alta kanpoko esne sartzeak, esne prezio negoziaketak, CLPBren kasu minbera, erreferentzia finkatzeak eta zelula taularen inposatzea hortik pasatu direlarik aste horietan.

 

 

 


"Ardi sailak tresna kolektibo baten beharra badu bainan norbaitek zaindu behar du untsa martxa dadin. Laborari eta esnetegietaz gain, beste eragile batzu behar dira (Estado, hautetsi, kontsumitzaile…) ardi sailako norabideak lehentasun batzuren arabera finkatuak izan diten, hala nola, laborarien irabazia, enplegua, Ossau Irati sor marka, ekoizpenen kalitatea eta ingurumenaren zainketa… Holakorik ez bada, gure herrien zaintzeko eginak diren indar guziak deuseztatzen dituzte multinazionalen estrategiek", dio ELBk.

Arrantzaren munduari bisita egiten zion gaur Bruno Le Mairek. Denbora gaitzak dira itsas gizon-emazteentzat, artzai-laborarientzat bezala (gastu ainitz ofizioan abiatzeko, kargak beti gorantz, eta ekoizpenen prezioak nekez goratzen…). Berrogoi ta hamar urte hauetan, itsasoan eta lur sailetan hartu diren bideek portuak, mendiak eta ordokiak hustu dituzte. Irabazbide eskasak eta lan dorpeak dituzte ofizio hauek. Araberan, nehun baino gazte gehiago jartzen da laborantzan ipar Euskal Herrian, eta itsasoan ere berpizkunde bat sendi da. Hemengo jendearen borondate hori berehala kontutan hartu behar dute botere publikoek, etxalde ttipiekin ala itsasontzi ttipiekin enpleguak, herrialdeen bizia eta inguramenaren iraupena segurtatzen baititugu.

Harremanetarako : Jean-Paul Duhalde, 06-83-59-12-75.